Bizkaiak Sarekin Days 25en VI. edizioa ospatuko du, lurraldeko gertuko ekintzailetzaren topagune Nagusia

Txile, Katalunia eta Kanarietako erakunde publikoak eta ekintzailetza-ekosistemak parte hartuko dute transmisio enpresariala, ekonomia soziala eta sareen arteko lankidetza izango dituzten ardatz nagusi.

David Fonseca aditu nazioartekoak bat egingo du DEMAk eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak bultzatutako egitarauarekin.

800dik gora izen-ematek Sarekin Days jardunaldiak sendotu dituzte ekintzaile, erakunde eta sareentzako erreferentziazko topagune gisa.

_Bilbo, 2025eko azaroaren 24a. _Bizkaiak bere ekintzailetza-ekosistema bilduko du aste honetan, Txile, Katalunia, Kanariak eta Madrilgo ekintzailetza-erakundeekin batera, Sarekin Days jardunaldien VI. edizioan. Jardunaldiak azaroaren 27an eta 28an egingo dira, Torre Iberdrolan. DEMAren —Enplegu eta Ekintzailetzarako Foru Agentziaren— eskutik antolatuta, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak sustatuta, jardunaldiek 800dik gora parte-hartze bildu dituzte berriro ere, gertuko ekintzailetzari eskainitako lurraldeko topagunerik handiena sendotuz.

Jardunaldiek pertsona ekintzaileak, ekintzailetza-sustapenerako erakundeak, ekonomia sozialeko antolakundeak, prestakuntza-zentroak eta nazioarteko eragileak hartuko dituzte, hiru ardatz estrategiko aztertzeko: transmisio enpresariala, ekonomia soziala eta sareen arteko lankidetza. Egitarauak analisi espezializatuak, nazioarteko esperientziak eta aukera berriak sortzera bideratutako jarduerak uztartuko ditu.

Azaroak 27, osteguna: enpresa-jarraitutasuna, ekonomia soziala eta sareko lankidetza

Lehen jardunaldia transmisio enpresarialari eskainitako blokearekin hasiko da. Bertan, tokiko merkataritzarekin lotura duten ETEetan erreleboa eta jardueraren jarraitutasuna bermatzen dituzten prozesuak aztertuko dira. Atal horretan parte hartuko du David Fonseca, EquityX enpresako CEO eta sortzailekideak, 40 herrialde baino gehiagotan esperientzia duena eta AEBetako Estatu Departamentuarekin, Europar Batasunarekin eta AEBetako Armadarekin egindako lankidetzengatik ezaguna. Bere ekarpenak nazioarteko ereduen ikuspegia eskainiko du: enpleguaren kontserbazioa, jakintza transferentzia eta enpresa-jarraitutasuna nola lantzen diren azalduz.

Egitarauak ekonomia sozialari lotutako azterketak eta esperientziak jarraituko du; ekonomia sozialak enplegu egonkorrean, kudeaketan parte-hartzean eta lurralde-kohesioan duen ekarpena erakutsiko duten kasuak aurkeztuz. Arratsaldean, jardunaldiak marka pertsonala eta proiektuen komunikazio estrategikoa lantzera bideratuko dira, estatuan aditu handienetako hiruren eskutik, ekintzaileei beren proiektuak modu eraginkorragoan definitzen eta zabaltzen laguntzeko.

Azaroak 28, ostirala: nazioarteko azterlana eta Sarekin Sariak

Ostiraleko saioa DEMAk egindako Red de Redes nazioarteko azterlanaren aurkezpenarekin hasiko da. Gloria Múgica zuzendari gerenteak eta Isabel Muela zuzendariordeak sareen egitura, laguntza-ereduak eta lankidetzarako aukerak aztertu dituen ikerketaren ondorio nagusiak azalduko dituzte.

Ondoren, nazioarteko topaguneak Txileko SERCOTEC, Kataluniako Xarxa Emprèn, Kanarietako Red CIDE – Instituto Tecnológico de Canarias eta Impact Hub Madrid erakundeetako ordezkariak bilduko ditu. Haien funtzionamendu-ereduak, laguntza-metodologiak eta elkarlan-esperientziak ezagutzeko aukera egongo da. Saioen ostean, Gloria Múgicak moderatuko duen mahai-inguruan erronka komunak eta lankidetzarako bideak aztertuko dituzte.

Bloke instituzionalak Teresa Laespada Bizkaiko Ahaldun Nagusiordearen eta Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuaren hitzaldia jasoko du, eta jarraian egingo da Sarekin Sariak 2025 sarien lehen edizioaren banaketa. Sari hauek jasangarritasun enpresariala, negozioen transmisioa eta inpaktu sozialarekin lotutako ibilbideak aitortzen dituzte. Jardunaldia networking-eremu batekin amaituko da, erakunde eta pertsona ekintzaileak elkarrekin konektatzen laguntzeko.

DEMA eta Sarekin Sarea: ekintzailetzarako laguntza-egitura Bizkaian

DEMAk, Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren menpeko erakundeak, 1989tik garatzen ditu enplegua eta ekintzailetza sustatzeko programak. Bere lan-ildoek honakoak hartzen dituzte: enpresen sorrera eta sendotzea, negozioen transmisioa, orientazio profesionala, digitalizazioa eta kultura ekintzailea bultzatzea. 2024an 412 enpresa berri sortzen lagundu zuen, 780 negozio-plan lagundu, 174 transmisio enpresarial kudeatu, Sarekin Sareko jardueratan 600 lagunetik gora artatu eta Bizkaiko Enplegu Atariaren erabilera indartu zuen.

Sarekin Sarea, DEMAk koordinatuta, ia 100 erakunde publiko, pribatu eta hezitzaile biltzen dituen ekosistema da. 2018an, parte-hartze prozesu baten bidez sortu zen, design thinking metodologian oinarrituta. Sareak praktika-komunitateak, gai-espazioak eta proiektu partekatuak artikulatzen ditu.

Gertuko ekintzailetza indartzeko finkatutako topagunea

Sarekin Days jardunaldiek, edizio honetan, erakunde publiko eta pribatuak, eragile ekonomikoak, nazioarteko ordezkariak, pertsona ekintzaileak eta prestakuntza-zentroak bilduko dituzte. Horrela, topagune honek bere egonkortasuna eta erreferentziazko rola berresten ditu, lankidetza, ezagutza-trukea eta gertuko ekintzailetzari lotutako aukeren garapena erdigunean jarriz Bizkaian.

00:00

BIDEOA: Sarekin Days 2025

Bizkaiak Sarekin Days 25en VI. edizioa ospatuko du, lurraldeko gertuko ekintzailetzaren topagune Nagusia

Bizkaiak Sarekin Days 25en VI. edizioa ospatuko du, lurraldeko gertuko ekintzailetzaren topagune Nagusia

2025(e)ko azaroaren 24(a)

Bizkaiak Sarekin Days 25en VI. edizioa ospatuko du, lurraldeko gertuko ekintzailetzaren topagune Nagusia

Bizkaiak Sarekin Days 25en VI. edizioa ospatuko du, lurraldeko gertuko ekintzailetzaren topagune Nagusia

2025(e)ko azaroaren 24(a)

Irakurtzen jarraitu
->
Sarekin Sareak Atzerritarrei buruzko Erregelamendu berriak Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemari nola eragiten dion aztertu du

Sarekin Sareak Atzerritarrei buruzko Erregelamendu berriak Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemari nola eragiten dion aztertu du

2025(e)ko urriaren 16(a)

Sarekin Sareak Atzerritarrei buruzko Erregelamendu berriak Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemari nola eragiten dion aztertu du

Sarekin Sareak Atzerritarrei buruzko Erregelamendu berriak Bizkaiko ekintzailetzaren ekosistemari nola eragiten dion aztertu du

2025(e)ko urriaren 16(a)

Irakurtzen jarraitu
->
Bizkaiko Enplegu Plan berria abian da

Bizkaiko Enplegu Plan berria abian da

2025(e)ko uztailaren 4(a)

Bizkaiko Enplegu Plan berria abian da

Bizkaiko Enplegu Plan berria abian da

2025(e)ko uztailaren 4(a)

Irakurtzen jarraitu
->